Asteburu honetan izango da leitzarren txanda Nafarroako Bardoak taldekako txapelketan. Txanda bikoitza da gainera; leitzarren taldeek saioa dituzte, eta horietako bat, Leitzan bertan da, eta beraz, Leitzaundik izan du saioa antolatzeko ardura. Izan ere, Bertsozale Elkarteak lehiaketa antolatzerakoan zenbait arau jarri zituen, tartean, talde bakoitzak etxeko saioa antolatzeko ardura izango zuela.
Lehen saioa ostiralean izango da, hilak 10. 20:00etan elkartuko dira Barañaingo Haizea elkartean, eta bertan Beteranoak, eta Joxema Leitzak, Jose Luis Barberia Zilik eta Mikel Azpirozek osatzen duten Leitza ta Leitzatarrak taldeak ariko dira. Egun berean, baina Berako Kaxerna gaztetxean berriz, bertso afaria egingo dute 21:00etatik aurrera. Bertan Migel Mari Elosegi Luze, Iñigo Ibarra eta Iñigo Sagastibeltzak osatzen duten Leitzaundi eta Beratarrak taldeak izango dira. Leitzako saioa, hala ere, igandean izango da. Aurrera elkartean ariko dira 18:00etatik aurrera, eta bertan Leitzaundi eta Bar-ideak izango dira.
Orain arte lau saio izan dira; Etxarri Aranatzen, Iruritan, Donezteben, Lesakan eta Elizondon. Finala martxoaren 31n izango da, Leitzan, eta bertan hiru talde izango dira lehian.










